Zaramagan egingo diren eskuhartzeetan dokumentatu ahal izateko hitzaldia, Josu Santamarina arkeologoaren eskutik.
Edukia
1980ko hamarkadaren amaieran, Pedro Mari Arriola geografoak "kapitalaren hiri-makina" bezala definitu zuen Gasteizko industrializazioa. Ez da harritzekoa. 1950eko hamarkadan martxan jarritako prozesu historikoak goitik behera aldatu zuen arabar hiriburuaren izaera. Lantegi berriak eraiki ziren nonahi, hirira milaka bizilagun berri etorri ziren eta horientzako langile-auzo berriak diseinatu egin ziren. Espazio berrien artean, Zaramaga auzoak hainbat ezaugarri bereizgarri ditu. Gasteizko Udalak erabat planifikatu zuen auzoa izan zen: Gaspar Blein arkitektoak klase sozialen eta etxebizitzen tipologien arteko erlazio estua ezarri zuen, hiri-espazioaren segregazioa inposatuz. Kaleek Arabako koadrilen izenak jaso zituzten, auzoko familia migranteen asimilazio kulturala sustatzeko asmoz. Hala ere, aurreikusitako arkitektura-formak eta berdeguneak hain modernoak zirelarik, aldi berean Udal frankistaren ikur bihurtu zen Zaramaga auzoa. Batez ere, beste auzo kaotiko batzuekin konparatuz -Ariznabarra, Armentia edota Ehari-Gobeo, esaterako. Langileak fabriketarako eta etxebizitzak langileentzako. Hori zen auzo berriaren planteamendua. Hala ere, denbora pasa ahala, Diktadurak ezarritako ordena soziala eta espaziala auzitan jarri zen: kutsadura salatzeko protestak ugarituz joan ziren, auzo ondoko fabriketan lehen grebak ematen hasi ziren eta, noski, 1976ko martxoaren 3an, langile-mugimenduak Estatuaren errepresioarekin talka egin zuen. Gaur egun, Martxoaren 3aren memoriak toki berezia du Zaramagaren identitatean, baina beste hainbat erronka berri ditu auzoak: zahartze demografikoa, eraikinen hondatzea, bizilagun berrien etorrera eta horri lotutako jarrera xenofoboen agerpena, etab. Sei hamarkadetan zehar, Zaramagak bere bilakaera propioa izan du eta, aldi berean, Gasteiz osoaren lagin esanguratsua dela esan daiteke.
Негізгі бет Kearen arkitekturak: Zaramagaren hiri-historia bat
Пікірлер